Nolako marka, halako hizkuntza erabilera

Enpresa sarea eta hizkuntzak” proiektuan parte hartzeko gonbidapena jaso dugu EMUN kooperatibaren partez. Ikerketa honen helburua enpresa pribatuek sarean izan beharko lituzketen hizkuntza irizpideen gaineko hausnarketa egitea da, hizkuntza irizpide egokiak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko.

Hain zuzen,  “Korporatiboki hizkuntza formala edo kolokiala erabili behar dute enpresek sare sozialetan?” galderari erantzutea eskatu digute. Hona hemen gure gogoeta:

Publizitatea eta komunikazioan egunero lana egiten duen enpresa bezala, twitter, facebook, tuenti, linkedIN, myspace, google+ eta beste hainbat sare sozialetan zuzeneko kudeaketa duten gertuko enpresa eta erakunde asko ezagutzen ditugu. Are gehiago, guk sare sozialetan parte hartzeko laguntza ematen diegu, eta bide batez, zenbait kasuetan haren aldeko 2.0 sareak eskaintzen dituzten aukera anitzen apologia egiten dugu.

Guretzat, kasu askotan sare sozialetan egotea erabat logikoa eta arrunta da. Logikoa edo arrunta denez, web orrialde bat izatea, edo zure kaleko saltokia iragartzen duen errotulu koloretsua jartzea. Beste hainbat kasuetan ordea, ez dago hain garbi.

Zure markaren komunikazio estrategian sare sozialen erabilera BETI omen da komenigarria?

Askok galdera bera egin digute: sare sozialetan egon BEHAR naiz? Guk erraz  erantzuten diegu: egotea ez dela beharrezkoa, baina komenigarria izan daiteke, beti ere, haien publikoak sare sozialetan mugitzen baldin badira.  Kasuan kasu, orain dela lau hilabete altzairua eta antzeko metalak lantzen dituen ezkerraldeko enpresa bateko gerenteak galdera hori egiten zigun. Komunikazio eta marketing plangintza baten hausnarketan egindako gogoetan agertu zen ditxosozko galdera. Guk garbi azaldu genion, kontua ez dela sare sozialetan egotea edo ez egotea, baizik eta, bere enpresaren MARKA non, noiz, zer eta nola komunikatu behar duen argi izatea.

Kasu zehatz honetan, komunikazio plangintzaren ondorioetan azaldu genuenez, euren publikoak dauden tokietara joatea, ekitaldi bereziak antolatzea, sektoreko enpresa buruen batzarretan parte hartzea eta horrelako beste hamaika bileretan komunikazio dinamikoa izatea, facebook eta twitter moduko sareetan egotea baino askoz interesgarriago suertatu zitzaien. Beste kontu bat da, profesionalentzat zuzendutako LinkedIN eta antzeko beste sare batzuetan harreman interesgarriak bideratzeko lekua topatu zutela.

Ondorioz, lehenengo eta behin, gure bezero zein ezagunei, sare sozialetan egon behar diren ala ez galdetzen digutenean, euren publikoa non dagoen eta nolakoa den hausnartzeko erantzuten diegu. Zein da helarazi nahi dieten mezua, nolakoa eta noizko. Haien publikoetara heltzeko bideak zeintzuk izango diren hortik ondorioztatu beharko lituzkete. Kontua ez da egotea, baizik eta zentzuz egotea. Batez ere, zentzuz zein helburu zehatzak izanda: KO-MU-NI-KA-TZE-A.

Sare sozialetan egotea erabaki ondoren, nola hitz egin?

 Marka guztien diseinuan, hots, branding hausnarketa bat egin ondoren, markaren tripak nolakoak izango diren ondo dakigunean (markaren bihotza, garuna eta birikak estrategikoki diseinatuz; marka on batek sentitu, pentsatu eta arnasa hartu behar duelako), komunikazio plangintza erabakitzen dugu.

Horretarako gure publikoak ondo aztertu eta ezagutu behar ditugu (geografikoki non dauden, adina, sexua, eta beste hamaika ezaugarri), komunikazio plangintza eraginkorra diseinatzeko. Plangintza honetan zehaztutako helburu objektiboen arabera erabakiko dugu zeintzuk diren gure komunikazio ekintzak, nola ez, kanpainaren diseinua (kontzeptuala, grafikoa eta semantikoa).

Guretzat, komunikazio plangintza horren baitan markaren hizkuntza estilo manuala egitea ezinbestekoa da. Behintzat, komunikatzeko erabiliko diren bide guztien koherentzia eta helburu bateratua izan dadila, nola hitz egin, norentzat hitz egiten ari zaren ondo baino hobeto jakin beharra dago. Elantxoben bizi den 16 urteko gaztea edo  Gasteizen bizi den 67 urteko emakumearentzat aritzea erabat ezberdina da.

Ondorioz, hizkuntza formala edo kolokiala?

Euskaraz, gazteleraz, frantsesez, alemanez, txineraz edota Pitcairn uharteetan erabiltzen den  pitkern-norfuk hizkuntza erabiltzea zure markaren publikoa nolakoa den arabera erabaki beharko duzu. Gure kasuan, bezero gehienak Hego Euskal Herriko enpresa zein erakundeak direnez euskaraz eta gazteleraz egiten dugu. Marka hauek kanpoan saltzen diren kasuetan, ingelesa erabiltzen dugu.

Horrez gain, sare sozialetan profilak edo orrialdeak sortzen ditugunean badakigu zeinentzat bideratuko dugun, eta horren arabera hizkuntz bat edo beste erabiltzea erabakitzen dugu. Gure ustez, markaren estrategiaren diseinuan, enpresa batzuk bezeroekiko harreman urruna izatea erabakitzen dute. Adibide gisa, etxera postaz heltzen diren bankuko gutunak edo elektrizitatea enpresa handienak.

Agian, enpresa horien sare sozialetan hizkuntzaren urruntasun hori mantendu beharra legoke. “Jose Mari Elustondogoitia jauna,….adeitasunez,…” etab. Imajinatzen al duzue Bankuko gutuna hikaz idatzita? “Hi Joxe Mari, saldoa igo beharra zegok, bestela jai diagu”.  XP

Era berean, gertutasuna adierazi nahi duen enpresa edo erakunde askok era kolokial baten idazten dute, eta  testuinguru askotan askoz ulergarriagoa da. Gaztelerazkoetan argi ikusten dira hizkuntzaren formaltasuna eta kolokialtasunaren aldeko apustua egiten dutenak: adibidez, Pizza móvil markak 15-18 urteko gazteentzat egindako tuenti orrialdea. Aztertzeko adibide bezala: Yoigo eta Vueling enpresen hizkuntz erabilera.

Bukatzeko eta laburbilduz, badago gurean esaera zahar ezaguna “Nolako zura, halako ezpala” dioena. Apurtxu bat aldatuta eta testuingurura egokituta:

“Nolako marka, halako hizkuntza erabilera”.

🙂

PD. + 100 Oso interesgarriak @joxe-k idatzitakoaren inguruan irakurri ditugun iritziak.

Acerca de

BURUTU Agencia de publicidad y comunicación - Publizitate eta komunikazio agentzia

Tagged with: , , , ,
Publicado en Sarean euskaraz
7 comments on “Nolako marka, halako hizkuntza erabilera
  1. […] Bergarak ere, Nola marka halako hizkuntza erabilera artikulua idatzi du. Bertan, sare sozialetan erabili beharreko hizkuntza erregistroari buruz hitz […]

  2. Formala ala kolokiala? Orokorrean ados. Baina beste bi galderatxo edo zalantza: euskalkian ala batuan? Eta euskalkia aukeratuz gero, etxeko hizkeran (kontrakzioak, ortografia gutxi gorabeherakoa) edo formalago? Wazemank-en arrakastaren faktore bat nire ustez etxeko euskararen aldeko apustua da. Uztarria.com-en adibidez, erantzun ia guztiak ere etxeko euskaran. (Eta adibidez nire korreo pertsonal asko ere horrela idazten ditut) …

  3. burutustyle dice:

    Kaixo Txema!
    Galdera interesgarriak. Guri dagokigunez, eta egia esateko, sare sozial ezberdinetan lanean ari garen bezero batzuen zerbitzu eta produktuak hegoaldeko bi lurraldetara heltzen dira.

    Ondorioz, kasu hauetan batuera erabili izan dugu. Hala ere, beste bezero batzuk helduko dira lokalagoak edo txikiagoak, eta hoiei euren herri edo eskualdeko euskalkia erabiltzea askotan gomendatuko diegu. Beti ere, mezuaren jasotzailearen arabera.

    Adibidez: Ondarruko taberna baten logikoa iruditzen zaigu ondarrutarra erabiltzea, bertako gazteontzat idazten denean. Ordea, Ondarruko jatetxe ospetsu baten publikoa kanpotarra bada (eskualde kanpokoa) batua erabiltzea ondarrutar hitz batzuekin batera.

    Nik pertsonalki (josu) http://www.facebook.com/josubergaramusika orrialdean horrela egiten dut. Bizkaieraz eta batueraz…natural egiten dudalako, eta batzuetan, segun eta zertarako erraz nahasten ditudalako.

    Guztiz ados wazemank eta uztarria.com kasuetan egin dituzun adibideekin. Gomendagarriak ere beste adibide hauek:
    Gernikeko Gaztetxie http://www.facebook.com/gernikeko.gaztetxie
    Busti irratia http://www.facebook.com/pages/Busti-Irratia

    Milesker parte hartzeagatik!

  4. Edurne Gonzalez dice:

    Eta zer gertatzen da hartzaile mota asko dituzten enpresekin? Unibertsitateek adibidez hartzaile mota asko dituzte: ikasleak, gurasoak, enpresak, gizartea oro har. Mezua nori zuzendu nahi dioten erabaki eta horren araberako erregistroa erabili behar dute? edo hizkuntza formala?

    • burutustyle dice:

      Kaixo Edurne!
      Zuk diñozun bezala, marka gehienak hartzaile mota asko dituzte. Sareak martxan jarri aurretik oso ondo erabaki behar dira helburuak. Hau da, zertarako jartzen ditugun martxan orrialdeak edo profilak sare sozial hoietan.

      Zehatzago, zuk diñozun kasuan aztertu beharko genuke zertarako agertuko den sare hoietan gure marka, eta nori igorri nahi diogu mezua. Nor da, nortzuk dira gure mezuaren jasotzaileak.

      Unibertsitate batek publiko asko ditu: 16-17 urteko gazteak (bezero potentzialak), 18-25 urte inguru dituzten bertako ikasleak, irakasleak eta langileak, gurasoak eta familiak, erakunde publikoak, beste unibertsitateak, mundu osoko ikerlariak, eta abar.

      Orokorrean, uste dugu gutxienez hiru hizkuntza erabili beharko zirela: euskara, gaztelera, eta agian: ingelesa. Nazioarteko publikoa baldin badute. Ondo diozunez, oso zaila izan daiteke etengabe erregistroz ibili beharra, eta seguruenik kriston nahasmena sortuko luke orrialde hori bisitatzen duten publikoetan. Beraz, gure ustez, hizkuntza formala erabili beharko zen.

      Beste kontu bat da, unibertsitateak TUENTI-n kanal berezia sortuko balu 16 urteko ikasleei begira. Gure ustez, agian hizkuntzaren erregistroa moteldu daiteke, beti ere, begibistaz galdu barik Unibertsitate baten izenean idazten ari zarela: seriotasunez arituz, eduki interesgarriak eta erakargarriak landuz, eta unibertsitatearen beharrei erantzuten dien informazio zehatza garatuz.

      Hego euskal herrian badira sare sozialak modu ezberdinean lantzen dituzten unibertsitateak. Adibidez facebook-en:
      Deustuko unibertsitatea http://www.facebook.com/UDeusto Profil korporatiboa, serioa, informazio zuzena ematen duena.
      Euskal Herriko Unibertsitatea http://www.facebook.com/pages/UPVEHU/106770286010768 Gauza bera.
      Kontrara, Mondragon Unibertsitatea-k http://www.facebook.com/mondragonunibertsitatea profil serio hau mantentzeaz gain, publiko zehatzentzat zuzendutako orrialdeak ditu. http://www.facebook.com/muittu.bizitzaunibertsitarioa adibidez. Kasu hontan, hitz egiteko era ezberdina da: ikasleak erraz ulertu eta partehartzeko eguneroko gaiak beste era batera landuz. Hizkuntzaren erabilera eta gaiak ezberdinak dira, “kolokialagoak” agian. Tira, hau gure iritzia besterik ez da, baina uste dugu MU-ren kasua sare sozialen erabilera zuzenagoa dela.

      Guzti hau kontutan hartuta, argi dago, enpresa edo erakunde batek ezin duela zortzi mila profil edo orrialde zabaldu. Guk behintzat ez dugu komenigarria ikusten. Soilik, eman behar den informazio hori oso zehatza bada, eta aurretik ondo aztertu den publiko batentzat bideratuta baldin badoa.

      Eskerrik asko parte hartzeagatik. Eztabaida Interesgarria suertatzen ari da.🙂

  5. […] eztabaida polita ekarri zuen.- Sare sozialetan kanal bakarra ala bi?: Euskadiko Kutxaren kasua. – Sareetan hizkuntza formala ala kolokiala?: Josu Bergararen artikulua. – Euskara ezberdintzeko estrategia: Txomin Jauregiri (deskontu.com) […]

  6. […] Sareetan hizkuntza formala ala kolokiala? : Josu Bergararen artikulua. […]

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

¿Qué es burutustyle?
Un blog sobre publicidad, comunicación y marketing con imaginación y buen rollo de la agencia BURUTU
Zer da burutustyle?
BURUTU agentziatik elikatzen dugun bloga: publizitatea maite dugu!
A %d blogueros les gusta esto: